GARA, 2000/10/04


      «Euskal Herrian beteko duen lekua Iparraldeak berak finkatuko du» nabarmentzen du

      Ińaki LEKUONA| BAIONA

      Azken komunikatuetan ez bezala, Iparretarrak Ipar Euskal Herriko talde armatuak gaur egungo egoeraren azterketa sakon eta orokorra egin du 21 orrialde dituen agirian. Euskararen, Antolakuntza Eskemaren, Euskal Departamenduaren, autonomiaren, eraikuntza nazionalaren, laborantzaren, ingurumenaren, gizartearen eta borroka armatuaren inguruko hausnarketak helarazi ditu «Ildo» komunikatuak.

      Gogoeta nabarmenetakoen artean, eraikuntza nazionalaren ingurukoa dago. Estrategia hori sostengatu eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoak bertan parte hartu behar dutela nabarmentzen du IK-k, betiere Iparraldeak duen erritmoari so eginez. Ildo horretan, Ipar Euskal Herrian parlamentu nazional bat sortzearren hauteskunde nazionalak antolatzearen ideia baztertu egiten du. «Argi da ez ditugula gure lehentasun politiko guztiak Hegoaldeko kontestu politikoaren arabera, erran nahi baita bi urrats aitzinera eta hiru gibelera egiten duen prozesu batean, ezarriko. Baina ez dugu uste erritmo desberdinen izenean Hegoaldeko alderdiei dena kudeatzeko eskumena utzi behar diegunik. Iparraldeak Euskal Herrian beteko duen lekua Iparraldeak berak finkatu eta erabakiko du».

      Iparraldeko Biltzarra

      Udalbiltza eraikuntza nazionalerako tresna interesgarria dela aitortu, eta Ipar Euskal Herriak, Paue edota Bordelera so egin beharrean, Hego Euskal Herrirantz begiratu behar duela nabarmentzen du IK erakundeak. Baina ildo berean, Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeok berariazko tresna berri baten beharra dutela ere gaineratu zuen. «Udalbiltza bezala, Iparraldeko biltzarra izeneko egitura autonomoa sor dezakegu, Hegoaldeko egitura berrie- kin harremanak izanen dituena».

      Ipar euskal herritar askok bere burua frantses gisa ikusten duela eta, aipatu bi tresnok kontzientziatzeko elementuak izan daitezkeela erraten du agiriak.

      Euskal Departamenduaren dinamika ere kontzientziazio ideiaren baitan ipintzen du IK-k. Departamenduaren egitura inola ere ez dela nahikoa erran eta Korsikako adibidea hartuz «egiazko autonomia estatutua» behar dela dio erakundeak. Baina azken xedea beste bat dela ere argitzen du IK-k. «Autonomiak subiranotasunerantz egin beharreko urrats bat izan behar du».

      «Autonomia ez da guretzat lortu behar dugun helburu bakarra. Baina bai epe luzera zinezko burujabetasunaren bidean kokatzen dugun baitezpadako urratsa». Konpetentzia bereziak izanen lituzkeen autonomia horretan, Ipar Euskal Herriak zenbait ardura partekatuko lituzke Estatuarekin, «hala nola polizia eta ordena publikoa zaintzea, justizia etabar. Eskumen batzuk aginte "zentralaren" esku geratuko lirateke: defentsa eta kanpo harremanak. Monetaren eskumena, aldiz, Europaren esku litzateke».

      Euskarari buruz ere mintzatzen da IK bere agirian. Hizkuntzak bizirik irauten badu, euskaldunek eta abertzaleek azken urteotan eramandako borrokaren ondorioa dela nabarmendu du erakundeak. Politiko gehienen lana kritikatzeaz gain, Poulou, Grenet, Lamassoure eta Bayrou aipatzen ditu, azken urteotan euskarari dagokionez eginiko hitzengatik, «baina, aldi berean, ekintzetan beti berdin segitzen dute», zehazten du testuak.

      Euskarak ofizialtasuna behar duela eta behar honen aitzinean frantziar Estatua Konstituzioaren gibelean ezkutatzen dela salatu du IK-k. Berehalako neurriak hartu behar direla gaineratu du talde armatuak, ikastolak eskola publiko bezala onartu behar direla, eta, gizarteari, Euskal Departamenduarekin egin bezala, euskararen aldeko mobilizazio zabalak antolatzeko eskatzen dio. Beste hainbat gaitan bezala, Euskarak Plan Kontratuan ukan duen erantzuna hutsa dela ere salatu du Iparretarrak erakundeak.

      Garapen Kontseiluak jasotako 112 xedeetatik 95 bozkatu zituela gogorarazi, eta hauetatik oso gutxi aitzinatuak izan direla gaitzetsi du. Gainera, Plan Kontratuak kostaldea eta barnealdearen oreka eza areagotu egin duela ere salatzen du IK-k, izan ere, Plan Kontratuaren %98 BAB hiri aglomeraziori emana izan zaio, barnealdeko herriak husten ari diren bitartean. «Estatuko eta hemengo arduradun politikoek tronpatu egin gaituzte».

      Parisek Ipar Euskal Herriaren ezagutza onartu nahi ez duela eta, aterabide bakarra borroka armatua dela agertzen du IK-k. Azken urteotan borroka armatuak prozesu politikoari leku osoa utzi diola gogorarazi ondoren, «demokrazia defizit eskandalugarriaren» aitzinean, ekintza armatuen berragertzea sortarazi dezakeela dio IK-k.

      «Estatuak jakin beza gure herria mespretxatzen eta zapaltzen segitzen dueino, Iparretarrakek bere leku osoa izanen duela. Euskal Herriko gatazka politikoki konpondu ez deino gure borroka tresna baliatzeko eskubide osoa atxikiko dugu eta ekintzen oportunitatea neurtuko. Ez dugu sekula armen bidez Estatua plegarazteko pretensiorik ukan, ez eta protagonismo osoa hartzeko xederik ere», dio IK-k.

      Borroka armatuak 30 urteotan bere fruituak eman dituela gaineratzen du komunikatuak, baina, era berean, «herria eraikitzeko apustua» egiten duela gaineratzen du, «prozesu politiko horrek oraino urrats anitz badu egiteko. Fase politiko horren baitan osoki sartzen gara gu ere, IK-ko militante bezala. Indarrak batuz gure instituzioneak eraiki behar ditugu».

      Gizarteari adi egoteko eskaera luzatu eta Iparretarrak ere hala egonen dela adieraziz amaitzen da agiria.

      Índice home